Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios.
(+ info)

Aceptar Cookies

OSKOLA PARAU

Oskola Parau.

Dani LLaría, Elisabeth Dominguez Ran, Eztizen La Cruz, Jone Loizaga & Taxio Ardanaz, Julen Agirre Egibar, Marc Vives eta Maria Muriedas.

 

Gorputza eta oskola. Animalia batzuk beraien oskol propioa dute; adibidez barraskiloek, dortokek edo txirlek. Baina naturan dauden zenbait gorputzek, instintuari jarraiki, beraien burua babesteko oskola bilatzen dute. Horren adibide dira ermitau karramarroak; animalia horiek barraskilo oskolak erabiltzen dituzte beraien abdomena estaltzeko, krustazeo gehienena baino bigunagoa baita. Ideia bat otu zaigu; Horacio Etxebarrieta ermitau karramarroetan pentsatzen egon zitekeen, imajinatu daitekeen modurik luxuzaleenean, Atxekolandetako itsaslabarrean kolore bizidun oskol bat jartzea erabaki zuenean, gaur egun ezagutzen dugun Punta Begoñako Galeriak, alegia.  

 

Aisialdia eta oparotasuna, flysch itsaslabarra denbora libreaz gozatzeko galeria batzuekin estaltzearen kapritxo burgesa. Itsaslabar horretan luiziak saihesteko euste horma eraikitzeak izango zuen erabilera funtzionaletik haratago (horixe baitzen obra horien eragile nagusia).

 

Galeria horiek 1910. urtetik askotariko erabilerak eta habitatzeko hainbat modu izan dituzte, eta gaur egun zazpi artista ezberdinen obrak beraien artean artikulatzeko oskol distiratsua dira, espazioa oraindik ere eraberritze prozesuan dagoelarik. OKELAko kideek orain dela asko begiztatu genuen espazioa, espazio konnotatua izanagatik eta eraikuntza beraren zentzugabezko zentzuagatik. OKELAko espazio naturaletik irten nahi genuen, eta artisten, espazioaren eta inguruaren artean harreman berriak sortu. Ez dago sobera gure esparru artistiko hurbilenean bizi dugun dilema orrialde hauetara ekartzea, erakusketa areto asko izanik ere, ekoizten ari diren artista ugarien lanak erakusteko programazio eta baldintza onik gabe. Hala, ermitauaren oskola edukiz hornitzeko lanean hasi ginen.

 

Oskola Parau zazpi artisten lanak erlazioan jartzen dituen proiektu bat da. Artistak ezberdinak dira beraien artean, baina nolabait espazioaren heterogeneotasunarekin bat etortzen dira. Artista ezberdinak gonbidatu ditugu galerien historia eta erabilera anitzak kontuan hartuz. Luxua, Ugaritasuna, Gozamena; Marc Vives-ek Azpin (Donostia) egindako eta Roger Callois-en 1933ko “La Fiesta” hitzaldiaren zati batean oinarritutako soneto eta lelo itsaskorrez betetako performance-arekin liluratu egin gintuen. Herri Berriak, Burgesia, Hondarrak; Daniel Llaría-ren eskultura multzoak, hutsak gorputzez baina bete materiaz, izaera eta klaseari buruz aritzen dira, ideia hauek irudikatzeko gaitasunaz. Kontenplazioa, Kapritxoa; Eztizen La Cruz-ek oleoan egindako pinturak erakusten ditu, plazerera eta melankoliara emanak. Tximinia, Ezkutu bat, Begiratoki bat; Elisabeth Dominguez Ran artistari aretoko lurzoruan zabaldu eta bere lanaren sentsualtasuna, freskotasuna eta arintasuna erakusketa espazioarekin aurrez aurre jartzeko gonbitea egin genion, eta bera, begiratokira ere joan zitzaigun. Terraza, Harresiak; Julen Agirre Egibarrek marrazketarekin lan egiten du nagusiki, eta arkitekturan du interesa. Oraingo honetan hedonismoari eta gehiegikeriei bideratutako eraikuntzei buruzko azterketa eskaini digu, galeria hauen antzera, abandonatuak izan direnak. SOS, Miserikordia, Okupazio Faxista, Monumentua; Jone Loizagak eta Taxio Ardanazek normalean banaka lan egiten dute, baina oraingoan bikote artistiko bezala lan egiteko gonbidapena egin genien. Bagenekien denbora zeramatela baterako artxibo bat sortzen. Bertan monumentu frankisten argazkiak biltzen joan dira, erasoak edo aldaketak jaso dituztenei garrantzia berezia emanez. Erabilera, Funtzioa, Gainbehera; Maria Muriedasen lanak gaur egunera garamatza berehala. Hala, bere belaunaldiko pertsonak ikusten ditugu posearekin eta denbora igarotzeak eragindako akitzearekin erlazionatzen diren jokabideak lantzen.
 

OKELA Sormen Lantegia


 

Irekiera: Urriak 5 19.00etan. Marc Vivesen performanzea egun honetan izango da.

 

Bisita-orduak Punta Begoñan , Getxo (Bizkaia): 

Astelehenetan, asteazkenetan eta ostegunetan: 11:30-14:30 / 17:00-20:00

Ostiraletan, larunbatetan,  igandeetan eta jai egunetan: 11:30-14:30 / 17:00-21:00

Asteartetan: itxita.

Punta Begoñako web orrialdea

Eskuorria Marion Cruza Le Bihanen testuarekin