Utilizamos cookies propias y de terceros para mejorar nuestros servicios.
(+ info)

Aceptar Cookies

Cadavre Exquis

"Cadavre exquis. Jolastu nahi?

1925. urtearen buelta omen zen Château kaleko 54. zenbakiko etxe zaharrean Marcel Duchamp, André Bretón, eta beste zenbait lagun elkartu ostean, hitz jokotan hasi eta Le cadavre exquis boira le vin nouveau esaldia sortu zenekoa. Hortik, jokoa beraren izena: Cadavre exquis; gaur, Zumarraga plazako 3.era ekarria.

Euria egiten omen zuen egun hartan Parisen, eta gaur ere Bilbon, euria ari omen du.
Jokoaren arauak, honakoak:

1) Zeure eskuetara iritsi aurretik sorturikoak, itzalpean, ezkutuan jarraitu behar du; ezin ikus dezakezu.

2) Soilik bistan, azken ekarpena duzu.

3) Zeure ondoren datorrenak ere, zeure kontrolpetik urrun jarraitzen du, itzalpean, ezkutuan.

Ezin jakin hasiera, ez amaiera; Sorkuntza prozesuak eta euri tantek, biek hala biek, behatz artetik ihes egiten dute banan-banan, jolasean.

Zorizkoak omen dira Cadavre exquisak, une eta momentu jakinetako gertakizunen multzokatzeak, jestu hutsen pilaketak.

Horixe jokalari bakoitzaren aportazioa: une jakin eta zehatz batena, keinu soila iruditu arren, jokoaren noranzkoa erabat alda dezakeena. Jokoaren destinoa jokalari bakoitzaren eskuetatik igarotzen da, eta une hori haiena besterik ez da. Haiek erabakitzen duten bidea jarraitu besterik ezin baitu egin ondoren datorren etorkizun hurbilak.

Izan ere, ez tantek, ez sorkuntzak ere ez dute zertan beti norantza berean, beti goitik behera erori beharrik, noizean noiz, grabitatearen indarrari ere desafio egin dakieke.

Kontrola minimoa da, arauak minimoak dira eta mugak lausoturik daude. Hauxe, jokoaren beste erakargarrietariko bat. Artistak, komisario larruaz jantzirik, diskurtsoa eraikitzeaz arduratu dira, memoria sortzearen erantzule. Komisarioek, testuingurua ahalbideratu dute, sorkuntza prozesuaren gudu-zelaia definituta. Eta adituak, -edo dena delakoak- sorkuntzaren amaraunera salto egin du.

Ezker eskuin mugitu dira tantak eta sorkuntzak, ezker eskuin mugitu jokalariak ere, barneko saretik kanpokora, eta kanpoko izatetik barneko sarera atzera, lotura berriak azaleratuaz, nahita, eta nahi gabe.

Mugen lausotzeak, ordena ezaren ordena berria dakar, elementuen birrordenazioa -horrelakorik existitzen bada-, eta hau ere jokoa beraren parte da. Guztiak baikara pieza; paretetan esekirik dauden objektuak eta lurrean daudenak, baina baita hauen sortze eta hautatze prozesua ahalbideratu dutenak ere -kasu honetan, inoiz baino gehiago-.

Guztiak izan gara jokoa aurrera eramateko beharrezkoak izan diren peoiak, eta guztiok izan dugu taulan geure mugimendu propioa burutzeko aukera. Horretan, emaitza, agian zorizkoa ez, baina mila aukera posibleetako bat besterik ez da izan. Horretan, emaitza, tolesdura guztien argitaratzea besterik ez da izan; osorik, itzalik eta ezkutapenik gabe, azkenean."

Garazi Ansa